Boli Kostako ordezkaritza batek Euskaber bisitatu du

27 Api 2026

Apirilean, Boli Kostako ordezkaritza batek Euskadi osoan egin duen murgiltze teknikoaren barruan Euskaber bisitatu du, animalien osasuna, lehen sektoreko ekoizpena eta osasun-bikaintasuna ardatz hartuta. Bisitan, Esteban Atxa, kooperatibako lehendakaria, eta Karmele Pikabea, gerentea, izan dira ordezkaritzarekin batera, eta Euskaberren funtzionamendua, ekoizpen-prozesuak eta gure ereduaren oinarri nagusiak azaldu dizkiete. 

Boli Kostako kideak albaitariak zirenez, bisitan gaixotasunen prebentzioa, txertaketa-pautak, maneiu egokiko praktikak, elikadura eta hegazti gripearen testuinguruan hartu beharreko neurriak landu ziren bereziki. Solasaldiaren ardatz nagusietako bat biosegurtasunaren garrantzia izan zen, eta Euskaberrek kalitatea, trazabilitatea eta animalien ongizatea bermatzeko erabiltzen dituen funtsezko tresnak azaldu zizkieten.

Bisitaren barruan, Euskaberreko kide den Ivan Vázquezen baserria ezagutzeko parada izan zuten boli kostakoek, ekoizpena bertatik bertara ikusteko eta gure sareko ustiategi baten egunerokoa lehen eskutik ezagutzeko. Horrek aukera eman zien Euskaberren eredua ez bakarrik azalpen teorikoetatik, baizik eta benetako ustiategi baten errealitatetik ulertzeko: nola antolatzen den lana, nola zaintzen diren animaliak eta nola eramaten diren praktikara gure ekoizpen irizpideak. Halako bisitek balio handia dute guretzat, ezagutza partekatzeko ez ezik, gure eredua eta gure balioak nazioarteko testuinguruetan erakusteko ere bai.