Euskaberrek beste urte batez Korrika eta euskara babestu ditu

6 Api 2026

Euskaberrek 2026ko Korrika babestu du aurten ere, eta, kilometro bakarra erosi beharrean, bere babesa Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian eman nahi izan du. Gainera, Bilbon egin zen amaiera festan ere parte hartu du, jai giroaz gozatu eta Euskaberren irudia zabaltzeko. Horri Korrikako petoak banatzen ibili zen furgonetan ere Euskaberren presentzia izan zela, publizitatea Euskal Herri osora eramanez.
 
Euskaberrek beste behin ere bat egin du Korrikarekin 2026ko edizioan, euskararen aldeko ekimenik handien eta esanguratsuenetako bat babestuz. Bi urtez behin egiten den lasterketa honek milaka lagun eta ehunka herri lotzen ditu euskararen alde, eta aurten ere indar handiz zeharkatu du Euskal Herria, Atharratzetik Bilboraino. Testuinguru horretan, Euskaberrek berriro erakutsi du bere balioekin erabat bat datorrela euskara eta euskal kultura sustatzeko mugimendua; izan ere, bertakoa izatea, euskal kultura zaintzea eta euskara babestea kooperatibaren izaeraren, egiteko moduaren eta gizartearekiko konpromisoaren parte dira.
Euskaber Bilbon (Bizkaia) Euskaber Ordizian (Gipuzkoa) Euskaber Agurainen (Araba)
Aurten, gainera, Euskaberrek pauso bat gehiago eman du babes horretan. Ohiko moduan kilometro bat erostera mugatu beharrean, presentzia hiru lurraldeetara zabaltzea erabaki du, Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian Korrikarekin bat eginez. Horrela, Euskaber Agurainen izan da martxoaren 23an, Ordizian martxoaren 28an eta Bilbon martxoaren 29an, Korrikaren amaiera egunean. Hiru hitzordu horietan, inguruko ekoizleak gerturatu dira, eta festa giro aparta nagusitu da hasieratik bukaerara. Bilboko amaiera ekitaldiak, gainera, oihartzun berezia izan du, 24. Korrika bertan amaitu baita martxoaren 29an.
 
Hiru herrietan, Euskaberrek postua jarri du, eta bertan doan banatu ditu Euskaber arrautzekin egindako patata tortilla pintxoak. Tortillak Euskaber arrautzak erabiltzen dituzten bezeroek prestatu dituzte, eta postuetan zonalde bakoitzeko ekoizleak ere izan dira, jendeari hurbiletik arreta ematen eta proiektuaren balioa azaltzen. Jende ugari gerturatu da postuetara, bai Korrikaren giroaz gozatzera, bai doako pintxoak dastatzera, eta hiru egunetan giro ezin hobea sortu da, euskararen aldeko jai herrikoia eta Euskaberren gertutasuna uztartuz.
 
Petoneta Euskaberren irudiarekin
 
Ekimenak ikusgarritasun handiagoa ere izan du Korrikako petoak banatzen ibili den furgonetaren bidez. Ibilgailu horretan Euskaberren publizitatea ere zabaldu da, eta, hala, kooperatibaren irudia Euskal Herri osoan barrena ibili da Korrikarekin batera. Modu horretan, Euskaberrek ez du soilik hiru lurraldeetako presentzia fisikoa sendotu, baizik eta babes hori ikusgarri egin du ibilbide osoan zehar, euskararen aldeko mezua eta bere marka lotuz.
 
Babes horrekin, Euskaberrek berriro berretsi du bere balioei leial jarraitzen diela. Kooperatibak agerian utzi du euskara eta euskal kultura babestea ez dela alboko konpromiso bat, baizik eta bere nortasunaren parte. Hori dela eta, aurten ere Korrikarekin bat eginez, Euskaberrek indartu nahi izan dituen bere izaera, egiteko modua, kalitatearen aldeko apustua, bertakotasuna eta gure gizartearen erroak. Euskararen aldeko ekimen batean presente egotea, azken batean, Euskaberrentzat bere proiektua ulertzeko moduaren beste adierazpen bat izan da.