Aurten ere, Bilbao Exhibition Centerren bi urtez behin egiten den GUSTOKO hitzordu garrantzitsuan parte-hartu du Euskaberrek. Elikaduraren eta lehen sektorearen inguruko erreferentziazko azoka da Gustoko, eta Euskaberrek bertan aprobetxatu du bere proiektua, bere balioak eta arrautzen atzean dagoen lana hurbiletik erakusteko.
Euskaberrek ez du aurtengoan ere kale egin sektorearentzat erreferentziazko topagune den GUSTOKO azokan. Bi urtez behin egiten den hitzordu honek aukera ematen du ekoizleek, markek, erakundeek eta kontsumitzaileek espazio berean bat egiteko, eta, horregatik, erakusleiho ezin hobea da lehen sektorearekin lotutako proiektuak gertutik ezagutzeko. Testuinguru horretan, Euskaberrek bere presentzia baliatu du kooperatibaren izaera, bere egiteko modua eta arrautzen ekoizpenaren atzean dagoen errealitatea agerian uzteko.
Azokara eraman duen proposamenaren bidez, Euskaberrek bere balio nagusiak nabarmendu nahi izan ditu: kalitatea, gardentasuna, trazabilitatea, gertutasuna, animalien ongizatea eta baserritarren lana. Argi utzi nahi izan dute euren proiektuaren muina ez dagoela soilik produktu batean, baizik eta produktu hori egiteko modu batean ere bai. Eredu horren oinarrian daude lurrari lotutako ekoizpena, pertsonen lana eta kontsumitzaileari informazio argia eta egiazkoa eskaintzeko borondatea.
Balio horiek guztiak standean bertan islatu dira, Euskaberrek garrantzi berezia eman baitie proiektuaren atzean dauden pertsonei. Arrautzen ekoizpenean lanean ari diren profesionalen aurpegiak eta ekoizpen-zentroen kokapenak espacio nabarmen a hartuduten jenbdaurrerako prestatuko irudian. Aldi berean, arrautzen kalitatea eta trazabilitatea azpimarratu dira, bakoitzak duen kode indibidual eta besterenezinaren bidez. Kode horri esker, kontsumitzaileak jakin dezake arrautza bakoitza zein ekoiztetxetan jarri eta bildu den. Karmele Pikabeak berak nabarmendu zuen ideia hori: “Gaur egun, oilo hauek zaintzen dituztenen atzean nor dagoen ikustea garrantzitsua da. Jendeari gustatzen zaio, eta gainera ekoizleei zor zaien eitormena egiten diegu”.
![]() |
![]() |
Standak topagune izateko bokazioa ere izan du egun horietan. Euskaberreko ordezkariek bezeroekin, hornitzaileekin, ekoizleekin eta agintari politikoekin partekatu ahal izan dituzte esperientziak eta ikuspegiak, eta giro horrek berriro erakutsi du Gustoko bezalako azokek duten balioa harremanak sendotzeko eta sektoreko eragileak elkartzeko. Euskaberren aldetik, Esteban Atxa eta Karmele Pikabea presidentea eta gerentea, hurrenez hurren, egon dira, kooperatibaren jarduna eta etorkizuneko erronkak bertatik bertara azaltzen.
Azokak, gainera, aukera eman du kontsumitzaileekin zuzeneko harremana izateko. Bisitariek Euskaberren arrautzak standean bertan dastatu ahal izan dituzte, unean bertan prestatuak, eta horrek produktua gertutik ezagutzeko aukera eman du. Horixe bera azpimarratu zuen Karmele Pikabeak ere: “Aukera ematen digu azken kontsumitzailetik gertu egoteko eta haiek arrautzei buruz zer iritzi duten entzuteko. Gure ekoizleak ikusten dituzte, eta gertutasun hori oso garrantzitsua da guretzat”. Haren esanetan, gardentasun horrek ematen dio zentzua Euskaberren proiektuari: “Gero eta jende gehiagori axola zaio nondik datorren produktua, nola ekoitzi den, eta gardentasun horrek egiten du Euskaberren proiektua benetako proiektu bat izatea”.



